2011/01/20

Urtarrilaren 27rako greba giroa berotzen hasi dira Uribe Kosta eta Erandion

Lan mundua
ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek greba orokorra deitu dute urtarrilaren 27rako Hego Euskal Herrian, pentsioen sistemaren erreformaren aurka egiteko. ESK, CNT eta Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformek ere bat egin dute deialdiarekin. Uribe Kosta eta Erandion ere abian dira jada tokian tokiko greba batzordeak. Horren adibide, hurrengo egunetan izango dugun mobilizazio sorta. Besteak beste, bihar, ostirala, propaganda banatzen ibiliko dira Algortan, arratsaldeko bostetatik aurrera. Itzubaltzeta / Romon, berriz, Santa Eugenia plazatik abiatuko da kotxe karabana, gaueko bederatzietan. Gauza bera egingo dute Berangon, larunbatean, eguerdian Sei Herri taberna albotik abiatuta. Greba eguneko eskualde mailako deialdiei dagokionez, 27an eguerdian, Deustuko San Pedro plazatik abiatuko da Eskumaldeko langileek osatutako zutabea, 11:45ean. Izan ere, 12:30ean, lurralde mailako manifestazioa izango da, Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuta. Arratsaldean, berriz, Erandion egingo dute martxa, 18:30ean, metro geltoki ondotik abiatuta. Argazkian, 2010eko otsailaren 24an pentsioen murrizketen kontrako elkarretaratzea egin zuten Leioan / © Langabezia eta pentsioen murrizketaren kontrako plataforma.

No hay comentarios:

Publicar un comentario