2011/01/24

Pentsioen erreformaren erreferenduma nahi du Aralarrek

"Pentsioen erreformaren inguruko herritarren iritzia modu zuzen eta zehatzean jakin ahal izateko", erreferenduma eratzeko eskatu die Aralarrek PSE-EE, PP eta EAJri.

Espainiako Gobernua ari da erreforma egin nahian, eta egitasmo horren aurka azaldu da Aralar. Halaber, jakinarazi du parte hartuko duela ostegunerako ELA, LAB, Hiru, EHNE eta EILASek Hego Euskal Herrirako deitua duten greba orokorreko mobilizazioan.

Rebeka Ubera Aralarren Gipuzkoako batzarkideak esan dutenez, 1985etik pentsioen bost erreforma egin dituzte, "guztietan pentsioak murrizteko eta langile klasearen kaltetan, krisiaren aitzakiarekin". Gogorarazi du gaur egungo segurantza sozialaren sistemak 9.000 milioi euroko superabita duela eta 62.000 milioi euroko erreserba funtsa duela.

"Beraz, zertan engainatu nahi gaituzte? EAEn batez besteko pentsioa 972 eurokoa da, eta Nafarroan 886 eurokoa. Ikusirik bizimodua nola dagoen, nola irits daiteke hilabete bukaerara? Non geratzen ari da pentsioen erosteko ahalmenari derrigor eusteko irizpidea?".

Aralarrek bi dei zuzen egin dizkie PSEri, PPri, EAJri, CiUri eta Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdi guztiei: "Ez diezaiotela bizkarra eman euskal langileriari pentsioen erreforma onartuz, eta erreferenduma eratu dezatela euskal gizartearen iritzia zein den jakiteko".

No hay comentarios:

Publicar un comentario