2011/01/26

EAJri erreforma geldiarazteko eskatu diote sindikatuek

Pentsioen erreforma geldiarazteko denbora badagoela uste du Euskal Herriko gehiengo sindikalak. Are gehiago, Espainiako Gobernuak etzi onartu asmo duen legeari EAJk ezetz esateko aukera duela gogorarazi diote jeltzaleei: «Ez dago euskal eragilerik gure izenean hori onar dezakeenik». Hala esan du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak biharko greba orokorrera deitu duten bost sindikatuetako ordezkariekin batera, Bilbon eginiko agerraldian.

Toledoko Itunak pentsio sistemaren inguruan eginiko aholkuak aztertu zituzten atzo ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruko kideek. Batzordeak Madrilgo legebiltzarrean aurkeztutako txostena «izapidea besterik ez» dela gogoratu dute, Espainiako Gobernuak azken 25 urteotan pentsio sistema publikoaren aurka eginiko «erasorik larriena» ahalbidetuko duena.

Erasoak, alabaina, helburu jakina duela azaldu du Adolfo Muñozek. Izan ere, alderdi politikoak finantza boterearen esku daudela eta, horrexegatik, «babestu beharrekoa zer den ondo dakite». Hala, «sistema publikoa desegin eta pentsio funts pribatuak sustatu» nahi izatea leporatu die ELAko idazkari nagusiak agintean dauden politikariei. Ildo beretik, Toledoko Itunak funts hauentzako zerga hobariak eskatzea «ulertezina» da Belen Arrondo EILASeko ordezkariarentzat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario