2011/01/29

Greba = istiluak = porrota. Jokin Labaien.

Donostiako manifestaziotik itzuli berri naiz. Sofan jarri eta ETB2ko Teleberri albistegiaren zain nago. Minutu gutxi behar izan ditut ohartzeko: kalean eta telebistan ikusi berri ditudanak ez datoz bat. Hona, labur-labur eta bat-batean, jasotakoetako batzuk: –Albistegia hasi orduko bitan ikusi ahal izan ditut Bilboko Kale Nagusian izandako istiluak. Aurkezlearen hitzik ez. Oihuak, bultzakadak, tentsioa, gomazko pilotak dantzan eta atxiloketa bat. Mezua argia eta sotila izan da: greba = istiluak.
–Behin Ertzaintzaren jarrera justifikatzen hasita, kausa eta efektuaren legea. Liskarrak piketeetan parte hartu dutenek eragin dituzte. Dela arrautza jaurtiketa, zaborrontziei emandako sua, dendetara sartzeko asmoa ala autoritateari kontra egin izana. Ertzaintzak ez du kargatu, kargatu egin behar izan du.

–Denok ez gara berdinak. Izenburuetan argi utzi digutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sindikatu nagusia ELA da. Beraz, tituluetara, Adolfo Muñozen hitzak soilik ekarri dizkigute. Gainontzekoak bigarren mailakoak ala ikusezinak dira. LAB sindikatuko Ainhoa Etxaide geroago entzun ahal izan dugu; EILAS, EHNE eta Hiru, ordea...

–Era berean, Bizkaiak Gipuzkoak baino garrantzi handiagoa du; Gipuzkoak Arabak baino handiagoa. Grebaren eraginak eragin, herrialde batzuetara zein besteetara bidalitako langile kopuruak nabarmentzen du hori. Nafarroak hartu du bere tartea, baina bazterreko gisa aurkeztu eta landu dute.

–Zein da, izatez, gaurko albistea? Zenbatu ez ditudan arren, pikete, istilu eta tankerako hitzak maiz hartu dituzte ahotan. Ordea, Bilboko manifestazio jendetsuaren irudi bakarra erakutsi dute. Gainontzeko lekuetan egindako manifestazioak azaldu ere ez dira egin.

–Albistegi amaieran ez da ohiko programaziorik izan. ETBko kateek filmak eskaini dituzte.

Albistegian, ostera, grebarik egin al dute? Esaterako, Afrika Baeta aurkezlearen ahotsaren tonua neutroa izan da. Zuzeneko konexioa Iranzun Mentxaka kazetariak egin du. Ezin izan dio tonu horri eutsi. Haren mezuak greba deialdiaren porrota iradokitzen zuen.

Ez naiz datuen zuzentasuna aztertzen hasiko. Deigarria da, dena den, datuei garrantzia kentzeko sortu duten anabasa. Denak ulergarri segidan eman ordez; nahasian, ulerkaitz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario